Kokalekua

Paraje irregular batean dago, Baia ibaiaren ezkerreko ertzaren gainean zintzilik. Batez besteko altitudea 549 metrokoa da. Igayko etxalde motza kontzentratuta dago, aurrez zehaztu gabeko hirigintza-eskema bati jarraitu gabe; izan ere, bat-bateko garapen baten ondorio da, eta Rivabellosatik datorren bidea da herri honetako eraikin gehienak bideratzen dituen ardatza. Bi edo hiru nekazaritza-sailaren arteko loturak multzo konplexuak sorrarazi ditu, konposizio bolumetriko mugitu eta aldakorrekoak eta plano zein material askotarikoak. Eraikin osagarri gehienak kanpoaldean daude, eta eraztun irregular baten moduan estutzen dute eraikin domestikoa. Kanpoaldeko eraikin osagarriak libre daude, eta larrain edo lanerako lur-sail bat dute alboan; larrainetako asko oso hondatuta daude eta lur-sailak, berriz, sastrakak eta landaretzak harrapatuta.
Igay hutsik egoten da neguko hainbat hilabetetan; asteburutan bakarrik joaten da jendea.


Udalerriaren historia

Igayri buruzko lehenengo dokumentuak XI. mendekoak dira, Donemiliagako kartularioan aipatzen baita. Horren termino jurisdikzionalean, baina, Baia ibaiaren ondoan, Los Andrinales dolmena dago, Baia ibaiaren ondoko historiaurreko hondakin edo aztarnategi anitzetako bat, ibaiaren beheko aldean. Demografikoki, Arabako herri gehienen ildoari jarraitu dio Igayk mende honetan, hau da, atzera egin du populazio aldetik; batez ere, azken hiru hamarkadetako garapen industrialaren ondoren; hala, erdira ere jaitsi da bertako populazioa. 1930 eta 1960 artean, ez zuen aldaketarik izan bertako populazioak, 36 lagun kontatu baitziren bi errolda horietan, 1993ko erroldak, aldiz, urte horretako populazioa 17 lagunekoa zela dio.