Kokalekua

Altuera txikian dago, Zadorra ibaiaren ertzean, antzinako postaren errege bidean. 519 metroko altitudean dago. Pribilegioren bat edo beste zuen herri arabar bat da Manzanos. Bertako populazioa nabarmen hazi zen trenbidea ezarri zutenean, baina gero, atzera egin zuen berriro, inguruko bi industria txiki ixtearekin batera. Ustiategi horiek kenduta, urdaitegi bat eta irin-lantegi bat, nekazaritza eta abeltzaintza industria izan dira beti nagusi bertan. Trenbideak areagotu egin zituen merkataritza-aukerak, eta hainbat zerbitzu publiko sortu ziren geltokiaren inguruan; horiek horrela, bi auzotan banatu zen herria: goiko auzoan eta geltokiko edo beheko auzoan (horren jatorria 1864koa da). Eraikinek trenbidearen trazatuari jarraitzen diote eta Zadorra ibaia inguratzen duen zubiari esker lotzen zaio N-I errepideari. Auzoa iparralde-hegoalde trazatu linealera egokitzen da. Iparraldean bi zerbitzu-publiko multzo bereizten dira: gorago dagoena modernoa da, eta behekoa, landatar tipikoa.


Udalerriaren historia

Dokumentalki, Manzanosen historia Donemiliagako kartularioaren boto ezagunak eskaintzen duen zerrendan hasten da, Arabako herri gehienena bezala. Geroago, XVI. mendean, bertan jaiotako pertsona ospetsu batek lagunduko du Manzanosen eta Arabaren izena goresten, probintziatik kanpoko hainbat lekutan. Tomas Salazarrekin, gurutzada komisario nagusi, kanonigo eta Sevillako katedraleko diruzain izan zenarekin, hasiko da herri honen izena zabalduko duen familia. Bi mende geroago, XVIII. mendean, Santiagoren Ordenako zaldun Tomas Francisco de Salazarrek eta Luis Salazar Salazarrek goretsiko dute berriz ere Manzanosen izena, bigarrenak batez ere, bizitza politiko eta militarrean edukitako parte-hartze garrantzitsuagatik; ez dugu ahaztu behar, ezta ere, literaturan egindako lana, hainbat liburu argitaratu baitzituen. 1830. urtean, konde titulua eskuratu zuen, eta lehenengo Salazar kondea izan zen.