Kokalekua

Ordokian dago, Baia eta Zadorrak ibaiek Ebro ibaiarekin bat egin baino lehen sortzen duten lur-mihian. Altitudea 482 metrokoa da. Rivabellosa Erriberabeitiako hiriburua da, eta bertan daude zerbitzu publiko orokorrak; hori dela eta, aldatu egin da landa irudia, eta partzialki urbanizatuta dago gaur egun. Eremu publikoak, lorategiak, espaloiak eta plazak dira horren isla. Kaleen eskemak antzinako bide-sarean du jatorria: ekialde-mendebalde eta iparralde-hegoalde ardatzetan. Foruen plaza da erdigune neuralgikoa eta bertan, udaletxea eta San Martin plaza txikia nabarmendu behar dira; plaza horretan zegoen antzinako parrokia. Mirandako foruak islatzen duen bezala, antzinako hiru bidetan daude antolatuta kaleak. Eraikinak sare horretara lotuta daude eta etxadi osoak osatzen dituzte, kanpoaldeko eremuetan izan ezik, nekazaritza-lurrak baitaude, eta irizpide funtzionala da nagusi.


Udalerriaren historia

Rivabellosaren antzinatasunari dagokionez, Mirandako foruak, Alfontso VI.a erregeak emandakoak, 1099. urtean aipatzen du. Arreta berezia merezi du Arabako Anaiarteen prokuradoreek batzar bat bertan egin izanak, funtsezkoa izan baitzen Arabako egungo lurraldea batzeko. Batzarra 1463. urtean izan zen. Erdi Aroan lautada eta itsasoa batzen zituen ibilbide baten –erromatarra agian– parte zen Rivabellosa, eta erromesek Santiagora bidean egiten zuten trazatu batekin bat egiten zuen. Hori dela eta, elizak, ermitak eta gaixoak eta behartsuak hartzen zituzten ospitaleak zituen, baita benta-etxeak ere, dirudunek atseden hartzeko erabiltzen zituztenak.