Ermita

1866. urtean, ermita bat eraiki zen, gaur egun teilaturik ez duena. Manzanoseko zubiak 5 bao ditu, hormigoizko arku jaitsiekin amaitutakoak. Habeak, zubi-bularrak eta muturrak harlanduzkoak dira, harlangaitzezko zati txikiekin. Zubiaren eskuineko ertzean, 1856. urtean sortutako “Rio Zadorra” irin industriaren zati ziren eraikinak daude. Litekeena da industria horrek Manzanoseko kontzejuko errotaren antzinako instalazioak hartu izana; izan ere, badakigu XVI. mendean amaieran existitzen zela. Auzoaren mendebaldeko muturrean, baina, beste errota baten mugarri diren horma batzuk daude, eta baliteke aipatutako errotarenak izatea; baina toponimiaren arabera, litekeena da irin-errota hori industria-multzoaren lekuan egotea. Mendearen hasieran, Manzanoseko fabrikaren sortzaile Juan Leon Gamizen oinordekoek eraikin handi batzuk altxa zituzten irin-industria handitzeko, austriar-hungariarren prozedurarekin, gero etxebizitza bihurtu direnak. Jarraian, “Celedon” hestebete fabrika zenaren instalazioak aurkituko ditugu. Aurrerago eta bidearen ondoan, harraska zegoen, gaur egun desagertua, lehen aipatutako errotaren hondakinekin batera.

San Juan Bataiatzailearen eliza
Manzanosen jatorri izandako antzinako auzoa kota txiki batean dago. Goiko aldean, parrokia ikusiko dugu, Errege Bidea zaintzen. San Juan Bataiatzailearen eliza da. Nabe bakarra du, eta garai batean eskolak eta kontzeju aretoa hartu zituen eraikin osagarria alboan. Leihate erromaniko ederra dauka. Bi kanpaiak aire librean daude. Elizaren harrizko hormaren muturrean antzinako kanpandorrea zegoen. Aurreko aldean, bola-joko landatar bat dago. Elizaren aurrean leku egokitu bat eta parke txiki bat daude, eta azken horretan, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak Narroseko Markesari eskainitako hilarri bat ikus daiteke. Manzanoseko etxe zaharrenak Erdi Aroko ezaugarriak ditu, eta baliteke jatorriz elizaren beste aldean zegoen gotorretxe bat izatea.


Salazar-Montoya familiaren jauregia
Parkearen mendebaldearekin mugan, Salazar-Montoya familiaren etxetzarra edo landa-jauregia dago, fatxadako armarriak adierazten duen bezala. Etxea sendoa da, bi solairukoa. Bi osagai oso interesgarri ditu, inguruan ezohikoak direnak: fatxadako portale atsegina eta hegoaldeko altxaerako portale-egutera multzoa. Barruan zein kanpoan, harri ugari erabili da. Burdinak ez du leku handirik; zura, berriz, kalitatezko lanetan ageri da. Fatxada nagusiak parkera ematen du. Portaleak bi arku ditu, erdian habe sendo batekin, eta horren gainean ezkutua ageri da, laurdendua; lehenengo eta hirugarren laurdenetan, Salazartarren eta Montoyatarren armak ageri dira, hurrenez hurren; bigarrenean, lis-lore formako gurutze bat, eta laugarrenean, bi pertz gringoldu. Hegoaldeko fatxadak landa izaera eta jabearen gizarte maila uztartzen ditu. Jauregia berrituta dago, baina partikularra da.