Arrosarioko Andre Mariaren eliza
Parrokia-eliza nabe bakarrekoa da, eta gurutze itxura ematen dioten bi kapera ditu alboetan. Portada bi zutabe toscanar artean dago; entablamenduak triglifo eta errosetadun friso bat du apaingarri, eta amaieran, frontoi triangeluar zatitu bat. Dorreak ezaugarri neoklasikoak ditu eta 1796. urtean eraiki zuten.

San Juan eta Santa Madalenaren ermita
San Juan eliza ermita bihurtu zen, eta herrira ekialdetik sartzeko antzinako sarreran dago. Gotikoa dela esan daiteke, baina baditu elementu zaharragoak, hegaleko txakurrak, besteak beste. Portadako arkua puntaduna da, eta leiho gotiko eder bat du aurrealdean. Barrualdea 1806. urtean berritu zuten, Santa Madalenaren ermitako kultua San Juan ermita honetara ekarri zutenean; horregatik du, gaur egun, bi santuen izena.

Eraikin erlijioso eraitsiak
XII. mendean, Santo Tome monasterioa eduki zuen.
Beste bi parrokia ere izan zituen, San Juan parrokia eta San Martin parrokia; 1760. urterako oso hondatuta zeuden biak, eta eraitsi egin zituzten.
San Martin elizaren kokalekuari dagokionez, San Martin plaza toponimoa bakarrik geratzen da, herriaren erdigunean, udaletxea dagoen tokian.
Santa Madalena ermita paraje natural eder batean zegoen, Baia ibaiaren ondoan, eta iragan mendearen lehenengo urteetan desagertu zen.


Baia ibaiaren zubia
Herria komunikazio-arteria garrantzitsu batean kokatzen duen beste elementu bat Baia ibaia igarotzen duen jatorrizko zubia da, Erdi Arokoa izan daitekeena. Zubi horren inguruko lehenengo datuak 1628. urtekoak dira, horren konponketaren eta berreraikuntzaren gainekoak; beste konponketa batzuen berri ere bada aurrerago. Gaur egun 4 bao ditu; horietako hiru erdi-puntukoak, eta laugarrena, beheratua. Hiru zubi-bularretatik bi triangeluarrak dira, eta hirugarrena, erdi-zirkularra. Zubiaren luzera 50 metrotik gorakoa da.

Saenz de Santamariatarren jauregia
Foruen plazatik abiatuta, iparraldean aurkituko dugu jauregi zoragarri hau, albo batetik apaiz-etxearekin lotuta. Itxurari dagokionez, eraikinaren horizontaltasuna hausten duen dorreak ematen du arreta. Galeria ere azpimarragarria da; erdi-puntuko lau arku ditu, binaka-binaka bereizten dituen eta eraikina edertzen duen eta "Credo in unum Deum" dioen armarriarekin. Goiko aldean, hiru dorre almenatu dituen gaztelu bat dago, eta beheko aldean, arrano bat, Rivabellosako Pinedotarren arma diren zortzi ikoroski-azparekin. Leihoburuan eta dorreoiaren eskuin aldetik hurbil, ezkutu txiki bat dago, sustraiak agerian dituen zuhaitz batek zatituta eta Salazartarren hamahiru izarrekin.

Foruen plaza
Plazaren mendebaldeko aldean, plaza txiki bat aurkituko dugu, udaletxearekin eta osasun zentroa hartzen duen eraikin osagarri moderno batekin. Plazak hiri-altzariak ditu, eta akaziekin apainduta dago; mutur batean, bola-jokoa eta iturria daude, eta azken horrek antzinako harraska dakarkigu gogora. Plaza ixteko, Kultur Etxe modernoa dago hegoaldean, antzinako pilotaleku irekiaren ordez. Foruen plazaren hegoaldean, garai batean kontzeju-aretoa, maisuaren etxea eta eskolak hartzen zituen eraikina dago; gaur egun, Añanako Kuadrillaren egoitza dena; kuadrilla osatzen duten udalerri guztien kudeaketa eta funtzionamendu administratiboa globalizatzea da horren funtzioa. Zahar-etxearen eraikina ere azpimarratzekoa da, estilo tradizionalekoa eta lorategi zaindu batekin.

Iturria, aska eta harraska
Etxaldetik hegoalderantz urrunduta, iturriak, askak eta harraskak osatutako erabilera publikoko multzoa aurkituko dugu. Hirukote publiko hori 1864. urtekoa da. Iturria eustorma batean sartuta dago. Harlanduzko habe soil baten gainean egituratuta dago, eta horren aurrealdetik, oinaldetik, harraska erdi-zirkular batera ura botatzen duen hodia irteten da. Hodiaren gainean, barrura sartuta dagoen laukizuzenaren beheko aldean, iturriaren kutxara sartzeko leihoa dago.

Eraikin zibil eraitsiak
Antzina, erromesak eta gaixoak hartzen zituen ospitale bat zuen Rivabellosak; horren kokalekua bakarrik geratzen da egun, 1819. urtean, Independentzia Gerran sute batek hartutako ospitalea eraitsi eta gero, berreraikitako eraikin domestiko batek okupatua.
Herria zirkulazio handiko bide batean egoteko beste datu bat inguruko benta-etxe bat da, Venta del Bullon ezaguna. Postaren errege bidearen 1765. urteko trazatu berriaren babesean sortu zen, urte horren ondoren eraiki zuten beraz, baina 1800. urtearen aurretik, orduan eskrituratu baitzuten. Etxaldearen hegoaldean zegoen, eta ermita txiki bat zeukan alboan, bertara inguratzen zirenek meza entzun zezaten. San Antonio Abaden izenpekoa zen. Gaur egun, Remar izeneko elkarte bat dago bertan, eta pabiloi industrialez inguratuta dago.
Hortik hurbil, Arabako eta Burgoseko probintzien arteko mugarria dago. Postaren errege bidearen trazatu berriaren eraikuntza gogorarazten du, urtea, garai hartako errege-erreginen izenak eta lanen zuzendari eta arkitektoen inskripzioak baitaude. Horrekin guztiarekin batera, Arabako eta Burgoseko probintzien ezkutuak daude.